
DURANGO.- Abenduaren 12an, AIKO Taldeak gabonetako ohiko erromeria egingo du Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, arratsaldeko bostetatik aurrera, baina ospakizuna goizean abiatuko da, musikari eta dantza-maisuen taldeak hainbat ekitaldiren bitartez prestatu duten jardunaldi zabal batean.
Eguberrietako dantza-bazkari tradizionala da. Duela hamar urtez geroztik, musikari eta dantza-maisuen kolektibo honen proposamena da, egungo mundura egokitutako irakaskuntza-metodo propio, dibertigarri, argi eta erraz batekin eta urtero bere tailer eta ikastaroetara ehunka pertsona erakarriz, dantza egiteko berezko estilo tradizionala zabaltzen diharduena.
Ospakizuna sokadantza batekin hasiko da 13:00etan, Durangoko Andra Mari elizako arkupean. Jarraian, bertaratutakoek kalejira bat egingo dute, musikaren doinuen arabera dantzatzeko aukerarekin, Gabonetako dantza bazkariak egoitzatzat erabili ohi duen Plateruena Kafe Antzokiraino. 14:30etan, txakolina banatuko da bertaratutakoen artean, eta 15:00etan bazkari herrikoia egingo da. Bazkalostean, AIKO Taldeak 17:00etatik aurrera egingo den erromeria alaituko du, eta 20:00etan, Bizkaiko Gaiteroen txanda izango da. Eguna amaitzeko, AIKO Taldea arduratuko da berriro ere musika jartzeaz, guateke tradizional bat alaitzeko asmoz. Ospakizuna 22:00etarako amaitzea aurreikusi da.
Ospakizuna dantzazale guztientzat zabalik egongo da eta garrantzi handiko topaketa bilakatu da euskal dantza herrikoien zaleentzat, bertan elkartzen baitira ikasitako trebetasunak erakusteko asmoz, herrietako erromeria tradizionalak gogorarazten dituen jardunaldi dibertigarri batean. Platerueneako bazkariaren prezioa 20€koa da, eta txartelak Durangoko Kafe Antzokian bertan nahiz AIKOren Dantza Ibiltaria programako ikastaroak ematen diren Bilbo, Donostia, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Berastegi, Galdakao eta Durangoko lokaletan eros daitezke.
Datorren ikasturteari begira, BBK Fundazioaren babespean, Dantzaldi Ibiltaria Gasteizen ere izango da, UPV/EHUren Arabako Campusean dagoen Unibertsitateko Pabilioian. Horren aurretik, asteartean, abenduak 15, arratsaldeko seiretan, komunitate unibertsitarioarentzat nahiz publiko orokorrarentzat irekitako erakustaldi-tailerra egingo dute leku berean, eta aukera paregabea izan daiteke, dantza tradizionalak ikasi nahi dituzten guztiek AIKO Taldearen metodo ‘naturalagoa, lasaiagoa eta jostagarriagoa’ frogatu ahal dezaten, ‘dantzan ikasteko beste era bat’.