
Igandean Elorrion taularatuko da eta azaroaren 1ean Durangon, 21ean Ermuan; abenduan Berrizen 11n eta Zornotzan 25ean

DOT AGENDA | Benetan Be Teatroak ‘Bidutzi’ bere bosgarren ikuskizuna aurkeztuko du udazken honetan Durangaldean. Umorea, zuzeneko musika eta txotxongiloak uztartzen dituen euskarazko antzezlana da, eta 3 urtetik gorako haurrei zein familiei zuzenduta dago. Ikuskizunak beldurrei aurre egitea eta haiekin jolastea proposatzen du, ikusleak ikaratik algarara eramateko.
Istorioa Inauteri gauean gertatzen da. Munstroek eta mozorroek kaleak hartu dituzte, eta Bidutzi txikia poz-pozik dabil festa giroan. Baina badu erronka bat: gaueko hamabiak jo aurretik norbait bakarrik ikaratzea. Arazoa da Eureka Doktorea atzetik duela, Bidutzi harrapatu, aztertu eta Nobel Saria irabazi nahi baitu.
Egoera horretan agertuko da Ainara, Godofredoz mozorrotuta, eta Bidutzi laguntzen saiatuko da. Bien abenturak munstroen, gizakien eta mozorroen arteko elkarlana ekarriko du, eta beldurra zein algara izango dira istorioaren ardatzak.
Durangaldean..
Ikuskizunaren bira urriaren 18an hasi zen Sopelan, baina laster iritsiko da eskualdera. Urriaren 25ean Elorrion izango da, 17:00etan Arriola Antzokian, eta azaroaren 1ean Durangon, 18:00etan San Agustin Kultur Gunean. Abenduan berriz Berrizen eta Zornotzan Elorrioko emanaldirako sarrerak 5 euroko prezioa du, eta Durangokoak 4 eurokoa.
Guztira, 30 emanalditik gorako bira egingo du Benetan Be Teatroak Euskal Herriko hainbat herritan, besteak beste Eibar, Elorrio, Durango, Bilbo, Zumaia, Hernani, Getxo, Bermeo, Ermua eta Lezo bisitatuz. Eibarren, esaterako, urriaren 24an izango da, 17:00etan.
Patricia Urrutia da testuaren egilea eta zuzendaritza artistikoaren arduraduna, Elena Olivieri zuzendaritzan aritu da eta Josu Aginagak sortu du jatorrizko musika. Oholtza gainean Patricia Urrutia, Jon Zumelaga eta Juanma Rodriguez aktoreak izango dira.
Horrela, ‘Bidutzi’k beldurrei aurre egiteko modu dibertigarri bat proposatzen du, txikien eta helduen eskutik, urteko gauik zoroenetako batean.
The post ‘Bidutzi’ ikuskizunak beldurretik algarara eramango ditu Durangaldeko familiak first appeared on dotb Durangaldeko Telebista.
