Abadiñon, Elorrion, Berriz eta Durangon ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte

DURANGALDEA.- Datorren abenduaren 3an Nazioarteko Euskararen Eguna ospatzen da eta aurten honekin batera Euskaraldiaren amaiera ere izango da. Hau dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Durangaldeko herrietan.
Abadiñon adibidez ekitaldiak bihar, abenduak 1, hasiko dira ibilaldi batekin eta euskararen zuhaitzaren landatzearekin goizeko 11,00etan Muntsaratzeko Merenderoan eta 13,00etan Errota Kultur Etxean postal eta argazki erakusketa egongo da sari banaketarekin. Honetaz gain arratsaldeko 18,00etan musika egongo da Zelaietan Orkestra Elektrotxarangarekin. Domekan ere ekitaldiak jarraituko dute arratsaldeko 16,00etan “Bueltaka” familia ikuskizunarkein Errota Kultur Etxean eta 17,30ean Herri Kirolak egongo dira Matienako frontoian, bertan txokolate beroa eskainiko da ikasleen ikasbidaian laguntzeko.
Astelehenean, abenduak 3, Zelaietako ikasleak kantuan eta dantzan arituko dira eta egunean zehar jarduera ezberdinak egingo dituzte. Eta arratsaldeko 18,00etan Abadiñoko Ahotsak proiektua aurkeztuko da herrian, Errota Kultur Etxean.
Abadiñoko nagusien ahotik herriko ahozko ondarea jasotzen du programa honek. Antzinako ohiturak, lanbideak, bizimodua, sinesmenak eta abar dira grabazioetan aipatzen diren gaietako batzuk. Orain 30 urtetik gora hasitako lan honetan 21 herritarrekin egindako elkarrizketak daude jasota.
Lana denon eskura dago orain ahotsak.eus/abadiño plataforman, herria gaur egun zer den hobeto ulertzeko ondarea. Euskararen Eguneko programaren barruan antolatutako aurkezpen honen ondotik Euskaraldiaren amaierako ekitaldia egingo da.
Bestalde, Elorrion, Euskaraldia amaitzeko ekitaldi bi antolatu dituzte.
Eta Berrizen abenduaren 2an, “Ez da kasualitatea” izeneko bertso saio musikatua egongo da Alaia Martin, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Maddalen Arzallus bertsolariekin Berrizko Kultur Etxean eguerdiko 12,00etan.