San Agustin Kultur Gunean ikusteko aukera izango da otsailaren 5ean 19:00etan

DURANGO.- Haizea eta Oihana Aranak, Aner Peritz eta Leire Vargasek ‘eRRe. Aldarri bat bertsoz’ emanaldia aurkeztuko dute otsailaren 5ean Durangon. San Agustin aretoan izango da, 19:00etan. Norbere gorputza eta bertsolaritza zeharkatzen dituzten 10 eszena lantzen dituzte, non hainbat dualismo hartzen diren hizpide.
Ikuskizunaren bidez galdera ezberdinei erantzun bat ematen saiatuko dira, Zer da burua gorputzik gabe? Bizitza heriotzarik gabe? Zer da natura kulturarik gabe? Eta emakumea gizonik ez bada? Guztiak bi, bate bestearen definizio. Baina inoiz ez berdinetik berdinera. Protagonistek azaltzen duten bezala «mundua bereizteko eta jendea sailkatzeko baliatzen diren etiketok eskaintzen duten markoa egokia izan daiteke norbere gorputza, eta baita bertsolaritza ere, zeharkatzen dituzten hainbat fenomenori buruz hausnartu eta sortzeko». Hortik abiatuta, aipatu dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek, bertsolaritzaren, antzerkiaren, musikaren eta poesiaren arteko mugak lausotuz.
Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, antzerkiaz gain, helduentzako ipuin-kontaketak eta poesiak ere badute lekua. Genero-ikuspegia ardatz hartuta, aztertuko dira LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma, beste dualismo batzuekin batera hamar piezak osatzen dute emanaldia, zeinak hainbat dualismo mahaigaineratzen baitituzte. Beregainak badira ere, egitura zirkulardun hari jarraitu batek lotzen ditu guztiak, eta garapen baten erakusgarri dira osotasunean ikusita. Guztira, ordubete inguruko iraupena du.