Errota Kultur Etxean izango da 19,00etan baina ateak 18:30ean zabalduko dira
ABADIÑO.- Esti Markezek 2015ean zapaldu zuen lehengoz oholtza Mikel Markez aitarekin batera, Aian eskainitako kontzertuan. Lau urte beranduago, Errenteriako abeslariaren ‘Biribilean’ zuzenean grabatutako diskoan ahotsa jarri du. Haurra zenetik musika izan du bidelagun, eta, orain, lan berriaren aurkezpen kontzertuekin inoiz baino gehiago murgildu da bidean.
Orain aita eta alaba Abadiñora datoz azken lana aurkeztera, «Azal berritzen» diskoa. Hamar kantu berri batu dituzte, Esti Markezek sortutako bost kantu berri eta Mikel Markezek sortutako beste bost. Doinuak beraiek sortuak badira ere, idazleen artean Toti Martinez de Lezea, Pako Aristi, Alaia Martin, Jon Maia edo Joseba Sarrionandia ditugu. Alderdi musikala Arkaitz Miner eta Julen Alonsorekin landu dute lehenik, konponketak laukotean burutu dituztelarik. Biolina, biola, mandolina, akordeoia, trikitixa, pianoa, tinplea eta gitarrak aurkituko ditugu. Kolaboratzaileak ere izan dituzte. Ane Bastida baxuarekin, Iker Lauroba bateriarekin, Olaia Inziarte eta Eneritz Aulestiak beren ahotsekin ere parte hartu dute Esti eta Mikelen lan berri honetan. Toti Martinez de Lezea idazleak ere bere poema bat errezitatzen du gonbidatu berezi moduan. Grabaketak Mikel Markezek Orion, eta Axular Arizmendik Mutrikuko AME Estudioan egin dituzte. Nahasketa eta masterizazioa berriz, Victor Sanchezek Donostiako Elkar Estudioan burutu ditu.
Sarrerak, 5 euroan, Abadiñoko Errotan eta Udal mediatekan eskuratu ahal dira. Emanaldia 19:00etan hasiko da, baina aretoko ateak 18:30ean irekiko dira sarrera mailakatua errazteko.