Hamar euroko prezioan, emanaldia Andra Mariko basilikan izango da abenduaren 5ean
DURANGO.- Lehen aldiz, datorren abenduaren 5ean elkarrekin arituko dira Andra Mariko Basilikan Gontzal Mendibil eta Durangoko Orfeoia hil berri den Xabier Castilloren omenez. «Hunkigarria izango da Xeberrik eta biok abesten genituen abestiak abestea eta orfeoiarekin abestea. Partitura pila bat pasatu dizkiet; ez dakit denak joko ditugun», azaldu du Mendibilek eta gaineratu du Durango bere bigarren herria dala « hemen ikasi nuen txikitan eta oso oroitzapen onak ditut».
Durangoko Orfeoitik ere ilusio handiz hartu dute aukera hori. Valentín Sagastizabal zuzendariak aitortu duenez, «asteak daramatzagu errepertorioa prestatzen ziur asko hunkigarria izango den kontzertu bat eskaintzeko. Liburu Azokak markatutako giroan, jendea ikustera animatzen dugu, jendeak gozatu egingo baitu», ziurtatu du.
450 lagunentzako edukierarekin, kontzertua abenduaren 5ean eskainiko da, 19: 00etan, Santa Maria basilikan. Sarrerak 10 eurotan daude salgai bihartik aurrera Turismo Bulegoan.