Urtarrilaren 9an 19,00an Berrizko Kultur Etxean izango da kontzertua

BERRIZ.- Idoia Hernandez Toledo ‘Hatxe’ pianojole eta konpositoreak ‘Panpin hautsien dantza’ bere bigarren lana aurkeztuko du datorren larunbatean Berrizen. Lau abesti ditu diskoak: ‘Baso’, ‘D (r) ama’, ‘Ero’ eta ‘Histeria’. Berak azaltzen duen bezala «gizarteak emakumeengan ezarritako mugak suntsitzeko ahalmena duen sormenezko ekintza bat da. Bidezkoa. Logikoa. Beharrezkoa. Feminitateari lotutako hitzak historikoki duten edukia hustu eta askatasunarekin lotura duten edozein keinu, hitz edota sentimenduekin bete. Etiketek atzean dituzten itzal guztiak berrinterpretatzeko, birsortzeko».
Iluntasuna oinarri, kontrastez beteriko musika bat da. Waltz, zortziko, fandango, eta beste dantza batzuen erritmoak jarraituz, Tom Waits musika-teatroaren zakartasunetik edota Satieren piano kantuen gozotasunetik bidaiatzeko aitzaki bat.Antzerkiaren eta jazzaren erritmoan ehunduraz betetako dantzak. ‘Histeria ‘abestiaren bideoklipa Super 8 formatuan grabatzean sortutako argazki artistikoen aurkezpen zaindua du diskoak.
Kontzertua urtarrilaren 9an izango da Berrizko Kultur Etxean 19,00etan eta 6 euroko kostua izango du (4 euro bazkideentzat)