Durangaldeko herri eta auzo askotan jaiak ospatuko dira asteburu honetan
DURANGALDEA.- Gaur, irailak 1, jaiak izango dira leku askotan. Esaterako Zornotzako Euba auzoan, Abadiñoko Muntsaratz auzoan edota Izurtzan eta Elorrion.
IZURTZA
Leku gehienetan gaur abiatuko da programazioa. Izurtzako kasuan arratsaldeko zortziretan botako da txupinazoa eta ondoren kontzertua egongo da Gaztelekuan. Zapatuan marmitako lehiaketarekin hasiko da eguna, ondoren enkartelada, 14:30ean lehiaketako platerrak aurkeztuko dira eta hiruretan herri bazkaria izango da. Seiretan bingo saoia izango da. Hurrengo egunean, igandean, programazioa kalejira eta mezarekin hasiko da, ondoren Mendigain dantza taldea izango da eta bertsolariak, Eneko Abasolo eta Onintze Enbeitarekin. Eguna Txoborro magoarekin eta Lotxo taldearekin bukatuko da. Jaiak hurrengo asteburuan bueltatuko dira.
EUBA
Zornotzako Euba auzoko jaiak ere gaur hasiko dira. 20.15ean tortilla txapelketa izango da eta ondoren mus txapelketa. Zapatuan mozorro eguna ospatuko da, Mexiko ardatz hartuta. Eguerdian umeentzako bazkaria eta herri bazkaria ospatuko dira. Arratsaldean, Xaibor DJ arituko da eta gauean Gregory Mariatxiak. Domekan berriz, meza, Koral Zornotzaren emanaldia, Sardina Bakalau eta Tio Teronen dantzaldia programatu dute. Jaiak, astelehenan jarraipena izango dute auzoko hildako guztien meza batekin. Ondoren Luntx-a eta arratsaldean briska txapelketa.
MUNTSARATZ
Txupinazoa arratsaldeko zazpiretan jaurtikoa da gaur, ondoren umeen jolasak, parrillada eta eguna bukatzeko Danny Meip DJ abadiñarraren emanaldia. Ekitaldi gehiago zapatuan izango dira, buruhandiak, mozorro lehiaketa, puzgarriak, paellen lehiaketa, igel txapelketa, Crossfit erakusketa, tortillen aurkezpena eta Usue Maritnez eta Nerea Alzaren kontzertua. Gauean berriz disko festa. Domekan goizeko Zelai-Alai hipika poniak izango dira goizeko hamaiketan, ondoren buruhandiak izango dira. Arratsaldeko eta asteburuari agur esateko disko txiki eta txokolatada programatu dute.
ELORRIO
Irailaren 2tik 10era bitartean Elorrioko kaleak alaitasunez eta dozenaka ekitaldiz beteko dira. Aurten, gainera, jaien zenbait alderdi birplanteatu eta hainbat berritasun izango dira, udaberri eta uda tartean izandako prozesu partehartzailearen ondorioz.
Elorrioko Buskantza FKE areto futboleko jokalariek jaurtiko dute txupina. Izan ere, urte luzeetako lanaren ondorioz, berau osatzen duten taldeek emaitza bikainak lortu dituzte, eta horren adibide da gizonezkoen lehen taldeak hurrengo urtean 2. B mailan jokatuko duela. Jaietako kartelari dagokionez, Maialen Arregik aurkeztutako lanak irabazi du lehiaketa. Arregi pozik agertu da epaimahaiaren eta herritarren erabakiarekin, eta bere lanak “jaien aniztasuna” isladatu nahi duela adierazi du: “’Txantxibiri’ abestiak dio atsoak astoaren gainean dihoazela, eta kartelean edozein pertsona jaietako ‘astora’ igo daitekeela irudikatu nahi izan dut”.