Zornotza Aretoan izango da aurkezpena
AMOREBIETA-ETXANO.- Orain dela 20 urte Mikel Urdangarin zornotzarrak «Haitzetan» bere lehen diskoa aurkeztu zuen bere jaioterrian eta orain Zornotza Aretoan aurkeztuko du berriro ere bere 14. diskoa.
«»Margolaria» izeneko diskoa, esfortzu handi baten emaitza zoragarria biltzen duen musika lan borobila da» azpimarratu dute. Lehenik, abestion sorkuntza azpimarratu behar dugu, Mikel bera doinu guztien eta zazpi hitzen konpositorea izaki. Horrez gain, Gerardo Markuleta handi bat beste bi olerkitan («Itsasoan euria», «Dena nire baitako») ageri da, hala nola Xabier Amuriza ere, Imanol kantariak ezagutzera eman zuen «Mendian gora» kantaren hitzetan (kasu honetan estrofa guzti-guztiak jasota, Mikelen doinu jostari batez josirik).
Interpretazioak, bestaldetik, diskoaren nortasun argiari gorputz ematen dio: Angel Celadak (bateria), Jon Cañaverasek (baxua), Koldo Uriartek (pianoa eta teklatuak), Rafa Ruedak (gitarrak) eta Nika Bitchiasvilik (biolina) oreka sonoroa, doinuen xehetasun aberasgarriak eta izaera ibiltari sosegatua eman dizkiote lan distiratsu honi. Diseinuak eta azala, azkenik, Alain Urrutia margolariaren jatorrizko lanak dira, diskoaren balioei espresibitatea eta sujerikortasuna gehitzera datozenak.
Aurkezpena Zornotza Aretoan izango da gaur, urriaren 20an 21,00etan.