Apirilaren 9an “Arren ganbara eta emeen sotoa” antzezlana ikusteko aukera izango dugu San Agustin Kultur Gunean.
Emanaldi honekin 2014ko urrian estreinatutako obraren bira amaitutzat emango dute.
ATX Teatroren eskutik datorren antzezlanak Luis Riaza madrildarraren testu bat du oinarri eta Iñaki Ziarrustak zuzendu du eta Florentino Badiola, Eñaut Gantxegi, Marina Aparicio eta Eneko Sagardoy durangarra dira obraren antzezleak.
Ganbaran arrak bizi dira,arrentzat arrek sortutako munduan. Sotoan berriz emea, zoritxarreko egun batean sortutako “akatsa”. Goian jaun eta jabe. Behean kateak eta iraultza. Gela biak inkomunikatuta daude, ez dago nahasterik. nola etorriko da orduan, aldaketa ekarriko duen oinordekorik. Ar-gezurrekin eta muturreko matxismoan hezitako seme gizajoak iraultzarako aukera bakarra itoko du nahigabe. Guztiak teatroaren tranpan eroriko dira. Botereak agerian utziko ditu bere biziraupenerako mekanismoak zeintzuk diren.
Kontu horiek guztiak irudikatzeko, metafora erabiltzen du ATX Teatroak. “Ganbaran arrak bizi dira: boteredunak, oportunistak eta matxistak; sotoan, berriz, emea, kateatuta”, obraren zuzendariak adierazten duenez. Egoera horretatik abiatuta, ikuskizun “berritzailea eta ausarta” da konpainia bizkaitarrak aurkezten duena, “publikoak euskal antzerkiaz gozatu dezan”. Ziarrustaren hitzetan, “ikusleak, aktoreak baino, marrazki bizidunak ikusiko ditu, mugitzeko, hitz egiteko eta keinuak egiteko moduagatik. Gainera, espektakulu honekin ez du aspertzeko denborarik izango”.
ATX Teatroaren hirugarren ekoizpen propioa da Arren ganbara eta emeen sotoa; aurretik, Gabriel-Gabrielle bakarrizketa eta Gnosia kaleko ikuskizuna estreinatu ditu konpainiak.