Maiatzaren 10ean hasita jai ezberdinak izango ditugu Durangaldean
JAIAK| Traña-Matienako San Prudentzio jaien ondoren, Durangaldeko jaien denboraldia hasten da. Horrela asteburu honetan Mañariko Kultur Astea, Berrizko Andikoa auzoko jaiak eta Abadiñoko San Trokazak hasiko dira.
Mañariko Kultur Astea
Mañariko Udalak 2024ko Kultur Astea aurkeztu du. Ainara Otxotorena Mañariko alkateak, Jon Gaminde Bizkaiko Dultzaineroetako kideak eta Haritza Rodriguez Barsanti antzerki taldeko kideak eman dute aurtengo edizioaren kartelaren berri. Maiatzaren 10etik 19ra bitarte, zer entzun eta zer egin ugari izango dute Mañariko herritarrek eta Mañarira hurbilduko direnek. Aurtengo edizioa, aurreko edizioen haritik tiraka, ekintza desberdinen aniztasunetik eta euskararen indartzetik izan da antolatua. Gaztetxoenetatik herriko nagusienetaraino, gazte eta helduetatik igarota, maiatzeko kultur programaz gozatzeko aukera paregabea izango dute.
Kultur Astea Porrotx eta Mari Motots pailazoen “Amaren intxaurrak” ikuskizunarekin hasiko da, eta Zirika zirkus konpainiaren eskutik eskainitako “Azken fakirra?” ikuskizunarekin zarratuko da programazioa. Bidean, denetariko ekintzak: Kuttuneren, Moonshine wagonen eta Jon Basagurenen kontzertuak; Barsantiren “Akabo” obraren emankizuna; Wikiemakumeen berbaldia; Asisko Urmenetaren “Gora Euskal herrientsak” liburuaren aurkezpena; “Euskaldungak” bakarrizketak; “Aire” dokumentalaren emankizuna; eta azoka ere antolatuko da maiatzaren 19an, domekan. Ainara Otxotorena alkateak “Mañarian bizirik dauden kultur zaletasuna eta euskaltzaletasuna islatzen duen programazioa” osatu dutela adierazi du.
Andikoa auzoko jaiak Berrizen
Ostiral honetan hasita Andikoa auzoko jaiak ospatuko dira:
Ostirala, maiatzak 10
18:00 Donien Atxa jasotzea
19:30 Dantzari Dantza Auzoko Dantzariekin
20:00 Kontzertua Santutegian
Zapatua, maiatzak 11
17.00 Kronoeskalada «Juan Karlos Arriaga memoriala»
Animazioa DJ Flour
19:30 Bertos Saioa
Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña
Gidariak: Miren Amuriza eta Idoia Barcelo
Domeka, maiatzak 12
11:30 Herri Kirolak
12:30 Meza nagusia
13:00 Dantzari Dntza Iremiñe dantza taldearekin
17:00 Umeentzako jolasak eta txokolotada
18:30 Bolo joko txapelketa
19:30 Jaietako Rifen Sari Banaketa
Barikuan eta zapatuan bodadiloak afaldu ahalko dira tabernan
Zapatua, maiatzak 18
18:00 Umeentzako oihal tailerra eta ikuskizuna
20:30 Auzo afaria Mirari eta Aintzane trikitilariekin
Abadiñoko San Trokaz jaiak
Su Ta Gar, J. Martina, Garraio, Katu edo Bengo izango dira nagusi Abadiñoko San Trokaz jaietako musika eskaintzan. Igande honetan, hilak 12, San Trokaz plazan Gerbasen kalejira egingo dute txistulariekin eta euskal dantzen alardea egingo dute. Goizean hileko azoka izango da eta San Prudentzio-San Trokaz esku pilota txapelketako finalerdiak izango dira. Egitaraua hilaren 15ean hasiko da berriro, San Trokaz egunean, ezpatadantzarien eta iruleen emanaldiarekin plazan, eta arratsaldean erromeria izango da Beranduegirekin Txanporta plazan.
Ostiralean, hilak 17, arratsaldean, Tornosolo trinketean disko dantza eta San Trokaz txapelketa antolatu dira. Hurrengo egunean jaiaren jardunaldi nagusietako bat izango da: Gazte Eguna ospatuko da, haur eta gazteentzako hainbat jarduerarekin, eta bazkaria 14:00etatik aurrera Ferialekun. Gainera, egun honetan esku pilota, elektrotxaranga Skapaierekin eta elkarte gastronomikoen arteko herri kirol lehiaketa izango dira Probaderoan. Programazioari amaiera emateko, 21:30ean, Garraio, Katu eta Bengo taldeen kontzertua izango da Txanportan.
Igandean, hilak 19, haurrentzako jarduerak antolatu dira, Zelaieta Herri Eskolan, egun osoan zehar – euria egiten badu probalekuan –, eta gazteentzako emozio parkea frontoian.
Jai-egitaraua hurrengo asteburuan hasiko da berriro. Ostiralean, hilak 24, Txanporta plazan Goazenen karaokea egingo da, 18:00etatik aurrera, Probalekuan euria egiten badu. Gonbidapenak hilaren 13tik aurrera jaso ahal izango dira Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan. Egun honetan bertan, Deabru Beltzak konpainiaren eskutik kaleko ikuskizun bat programatu da, 21:30etatik aurrera Su Danborrak Ferialekuan aurkeztuko duena, zuzeneko musika, piroteknia eta efektu berezi handiak batzen dituen eszena-pieza.
Larunbatean, hilak 25, Abadiñoko emakume artisau – sortzaileak eskulangintza azoka izango dugu. 12:00etan kalejira hasiko da Otxote Muñatones taldearekin, eta 14:30ean herri bazkaria egingo da paella erraldoi batekin Ferialeku plazan, Ganbarru, Talde Batuak, AMPA Zelaieta, Lasterbidean, Katalamixon, Gazte Asanblada eta Sare elkarteek antolatuta.
Larunbat arratsaldean, 18:00etan Ganso y Ciaren «Panoli Kabareta» ikuskizun familiarra programatu da eta 21:30etatik aurrera Txanporta plazan Su Ta Gar eta J. Martinaren kontzertua izango da eta ondoren DJ Koolen txanda izango da.
San Trokaz jaiak maiatzaren 26an amaituko dira Ferialeko jolas tradizionalekin eta gazteen herri kirolekin. 18:00etan kalejira eta alardea antolatu dira Txanporta plazan Talde Batuak-eko haur taldearekin eta Txanbolin txistulari taldearekin. 19:00etatik aurrera, leku horretan bertan, txokolatada bat egingo da, Gerbasen agurraren aurretik, eta horrek markatuko du 20:00etatik aurrera San Trokaz jaien edizio honen amaiera.
«Egitarau hau maitasunez prestatu dute Jai Batzordean parte hartu duten eta, eskuzabaltasunez, jaiegun hauetaz guztiok gozatzeko aukera izan dezagun lan egin duten pertsonek. Bide batez, eskerrik asko parte hartzeagatik eta laguntzeagatik. Orain garrantzitsuena baino ez zaigu geratzen: anima zaitezte jarduera guztietara joatera eta ondo pasa dezagun «azpimarratu du Monika Iglesias Kultura, Ekitaldi eta Aisialdiko zinegotziak.
Programazioa jaitsi HEMEN