Gaur hasi eta domekara bitartean hainbat ekitaldi egongo dira

IURRETA.- Gaur hasi eta domekara bitartean hainbat ekitaldi antolatu dituzte Buztarri Taldekoek Oromiñoko jaiak ospatzeko. Mozorroak, txapelketak eta bazkariak ez dira faltako egun hauetan. Gaur iluntzean izango da Donien Atxaren jasotzea eta parte hartzaileeintzat makailau errea egongo da ohitura denez. Ondoren igel txapelketa egongo da.
Bihar «San Marko Egune» izango da eta ospatzeko 12.00etan meza egongo da ondorengo herri-bazkariarekin, eta arratsaldeko 17.00etan Briska Txapelketa.
Zapatuan mozorro eguna izango da, aurtengo gaia ‘Feria de Abril’ izango delarik. Horrela 12.00etan feriaren hasiera izango da eta giroa alaitzeko Abadiñoko Norte a Sur taldeak saio bat eskeiniko dute. Arratsaldean, ume zein nagusientzako ekitaldiak antolatu dituzte: Maiztegi Herri Eskolako umeen dantza erakustaldia eta abesbatza, umeentzako jolasak eta txokolatada, tortilla txapelketa zein erromeria Luhartz taldearekin izango dira, gauerdi inguruko sorpresarekin.
Azkenengo eguna domeka izango da. Egitaraua 12.00etan hasiko da mezarekin eta ondoren, Iurretako Mikel Deuna dantza taldearen dantza emanaldia. Egunean zehar, trikitilariak egongo dira. Arratsaldeko 18.00etan Kinttopeko asto-probak egongo dira eta jaiei amaiera emateko errifaren zozketa eta Donien Atxaren jeitsiera.