Durangon ikusi ahal izango da asteburu honetan
DURANGO.- ‘Ikusi Arte’ biran grabatutako dokumentala Martxoaren 19an estreinatuko da zinema aretoetan eta Durangon baita. Lau egun lehenago, filmaren mundu mailako premierea egin da Punto de Vista – Ikuspuntu Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian. Jaialdiaren irekiera pelikula izanda, Sail Ofizialaren baitan eta lehiaketatik kanpo.
25 urte taula gainean eman ondoren, eta taldearen unerik gorenean, Berri Txarrak-ek geldialdi mugagabea iragarri zuen, ibilbide oparo bati etena jarriz. Geratu aurretik, baina, azken bira bat
egiteko nahia adierazi zuten, mundu osoko zaleak merezi bezala eskertu eta agurtzeko. Bidaia horretan Marina Lameiroren kamera izango zuten bidelagun, birak zaleengan sortutako ‘Dardara’ dokumental batean jasotzeko asmoz. Zinemagileak jarraitzaileon istorioekin irudi koral bat eraikiko du, etxetik hasi eta hainbat herrialdetako zaleen bizitzen txatalak tartekatuz: Mexiko, Japonia, Alemania, Estatu Batuak… denek ere pasio bera partekatuko dute: Berri Txarrak rock taldearen musika.
Hirukoaren kantuek utzitako lorratza ikusi ahal izango dugu pelikulan zehar; taldearen azken urratsen lekuko izanen gara; estilo, hizkuntza eta hainbat belaunaldi ezberdinen langak gainditu eta
harago doan fenomeno baten unibertsaltasuna agertuko zaigu pantailan.
Lameirok Gorka Urbizuren letra eta hausnarketen gainean ardaztu du Dardara dokumentala. BTXen kantuen sortzaile nagusiak idazteke dagoen etorkizun baten bertigoari –dardarari- aurre egin
beharko dio orain. Orobat, musikaren indarrari eta pasioari buruzko pelikula ere bada hau –exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Izan ere, horixe izan dute iparrorratz hasiera-hasieratik azken bira arte. Pasio horri esker lortu du Berri Txarrak-ek milaka lagunen bizitzaren parte garrantzitsu izatea.
Lameirok adierazi duenez «Film hau egin aurretik ez nintzen inoiz rock kontzertu batera jeandeari erreparatzera joan. Lehen grabaketa egunetik, nire zeregina lehen ilarara begiratzea eta jendeak bi orduko kontzertuan nola erreakzionatzen zuen ikustea izan zen. Oholtza gainean gertatzen ari zena baino ikuskizun hobea kausitu nuen. Pertsona horiek nola gozatzen eta hunkitzen ziren ikustea; une horretan presente zeudela nabaritzea eta sentitzea pelikula hau egitearen gauzarik hoberenetarikoa izan da».