AMOREBIETA-ETXANO.- Urte berriarekin, bertan da KINE Zineklubaren bigarren hiruhilekoa. Urtea hasteko, arrakasta handia duten bi genero nahastuko dira: dokumentala eta musika.
Proiekzio guztiak 20:15ean izango dira Zornotza Aretoan eta aurretik zineforumak ospatuko dira, 18:45etik 19:45era. Irekia eta doakoa da.
Hilaren 7an, Irango Rokhsareh Ghaem Maghami zuzendariaren dokumentala iritsiko da: Sonita (VOSE). Rap-kantari izan nahi duen neska gazte afganiar baten istorioa kontatzen du filmak. Sonitak gurasoek markatzen dioten patuari aurre egin beharko dio, ezagutzen ez duen senar bati saldua izatea. Sari desberdinak irabazi ditu lanak, hala nola Sundance eta Documenta Madrid jaialdietan.
Urtarrilaren 21ean, Seamus Murphy zuzendari irlandarraren PJ Harvey: A Dog Called Money (VOSE) dokumentala ikusteko aukera egongo da. Bidaietan, PJ Harvey kantari britainiarrak material inspiratzailea biltzen du, gero kanta bihurtzeko. Seamus Murphyk sorkuntza-prozesu hori dokumentatzen du, Harvey bere hartan erakusteko: berezko aura misteriotsu horretan bilduta; artistaren bilaketa, poesia-muntaketa eder batean.
Eta urtarrilaren 28an, Nata Moreno zuzendariaren ‘Ara Malikian: una vida entre las cuerdas’ dokumentala ikusiko da. Ukaezina da musikari polifazetiko honek bizitzari eta musika klasiko eta garaikideari egiten dion ekarpena. Aldi berean, artistaren historia pertsonala kontatzen du. Musikak bizia salbatu zion gerratik ihes egin behar izan zuenean. Beirut utzi behar izan zuen 14 urterekin, eta, ordutik, nomada gisa bizi izan da, munduan barrena bere musika eramanez.