ZORNOTZA.- «Yoko eta lagunak» Goya sarietarako hautagaia dugu animaziozko pelikula onenaren saria eramateko hautagaien artean. Juanjo Elordiren zuzendaritzapean eta Edorta Barruetabeñaren gidoiarekin asteburu honetan Zornotzan izango dugu ikusgai.
Filmak aire librean jolastearen garrantzia aldarrikatu nahi du. Umeek behar-beharrezkoa dute askatasunarekin -eta segurtasunarekin- jolasteko aukera emango dien ingurune bat, beraien garapen emozional, sozial eta fisikoa bideratzeko. Umeek beraien kasa jolasten direnean sortzen dituzten ‘ingurune magikoek’ erraztu egiten dute umeentzat beste umeekin eta naturarekin harremanak izatea, edo beraien ametsak, beldurrak eta gurariak bideratzea.