Filman Eneko Sagardoy aktore durangarrak hartzen du parte
DURANGO/ZORNOTZA.- Asteburu honetan «Soinujolearen semea» filma ikusteko aukera egongo Durangon eta Zornotzan. Bertan, Eneko Sagardoy aktore durangarrarekin batera hainbat aktorek egin dute lan filma honetan Aitor Beltrán, Iñaki Rikarte, Cristian Merchán, Bingen Elortza, Frida Palsson, José Ramón Argoitia, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo edota Miren Arrieta, besteak beste.
Fernando Bernués da Bernardo Atxagaren izen bereko nobelaren egokitzapenaren zuzendaria eta asteburu honetan Durangon eta Zornotzan ikus dezakeguna.
Antzerkirako egin zuten moldaketak jasotako arrakastaren ostean, zinemarako egokitu dute ere Atxagaren idazlearen eleberri ezaguna. Hiru garai desberdinetan banatu dute adiskidetasuna, traizioa eta indarkeria nahasten dituen istorioa (haurtzaroa, 20 urteetako gaztetasuna eta, azkenik, 50 urte ingurukoa) Euskal Herriko istorioaren ikuspegi desberdinak biltzeko helburuarekin.
Zuzendariaren hitzetan, sentimenduetan jarriko du indarra Soinujolearen Semeak, hogeita bost urtez harremana etenda izan ondoren, berriro ere topo egingo duten bi lagunen harremanean: “Iraganaz hitz egiteko, eta sozialki metaforikoa izan daitekeen isiltasuna apurtzeko azken aukera izango dute aspaldiko lagun min horiek.
Filmaren protagonista David Imaz da, Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen mutila 70eko hamarkadaren erdialdean, traidoretzat hartu zuen bere jendearen gaitzespena ikustean. Kalifornian zorionaldia aurkitu arren, bere lehenaldiak zama bat izaten jarraitzen du oraindik, eta bere erru sentimenduak ez dio uzten bere bizialdiko azken egunei soseguz aurre egiten.
Joseba Altuna, txikitako bere laguna, azken agurra ematera joan zaio, eta bide batez konpondu gabeko kontuak argitzera. Aspaldi batean ez zuten elkar ikusi; garaia zen, ordea, egiari aurre egiteko.